Xabier Madariaga: “Kazetari on batek naturala izan behar du”

Ingalaterran, Jerusalemen, Haitin eta azkenik Parisen, Xabier Madariaga kazetari gazteak ez daki geldirik egoten. Badira jada hamairu urte EITBn lanean diharduela programa informatiboetan munduko aktualitateaz mintzatzen. Oraingoan, Komunikazioko Graduko Profesionalen Zikloko hizketaldian parte hartuz, Deustun izan dugu geurekin, eta, nola ez, orekoideok ezin izan diegu geure irrikei eutsi eta berarekin egon gara.

 

“Zortea, ausardia eta arduragabetasuna”

“Zortea, ausardia eta arduragabetasuna”, horrela deskribatu du Xabierrek unibertsitatetik irten ostean Jerusalemera joateko erabakiaren arrazoia. Bertatik telebista eta irrati kateentzako kronikak eginez hasi zen lanean. “Kronika bakoitzeko 30 bat euro irabazten nituen, eta oso diru gutxi zen. Horregatik, ezinezkoa egiten zen soilik hedabide batentzako lan egitea”, azaldu du.

Halaber, bera Jerusalemera une bereziki gatazkatsu batean ailegatu zen, israeldarrak hegazkinetatik lehergailuak botatzen baizebiltzan, Palestinako gatazkarengatik. Hori azaltzen ibili dela, lehergailuak botatzen zebiltzaneko Teleberriko zuzeneko baten bideoa jarri du. Bideoan, Xabierrek izu aurpegia erakusten du lehergailuen zarata entzuten duen bakoitzean. “Oso arriskutsua izan zen egin nuena”, azaldu digu. “Nire atzean bunker antzeko bat zegoen, non kazetari, haur eta emakume guztiak biltzen ziren. Herri guztia egoten zen bertan lehergailuak erortzen ziren bakoitzean”. Isilune baten ostean jarraitu du, “zuzeneko hau urduritasunarengatik izugarri gaizki irten zitzaidan arren, bunkerrera itzultzean Telecincoko, CNNko eta beste kateetako kazetariek sekulako ongietorria eman zidaten momentu hoberenean izan nuelako. Baina soilik hatz bat galdu izan banu ere, nire ustez, ez du merezi egoera horretara iristea”, adierazi du.

Ikasle askok etikaren eta betebeharraren inguruko dilemaz galdetu diote Xabierri. Eta azken honek ez dakiela erantzun du. “Azkenean erredakzioak baldintzatzen du zure lana. Egun batean kontu bat kubri dezazun eskatzen dizute, zuri interesgarriagoa iruditzen zaizun gai baten inguruan kronika bat egin beharrean. Baina azkenean zure lana da. Nire lankide askok hori egin behar izan dute besterik izan ez dutelako. Erredakzioak istorio bat kontatu nahi du eta istorio horretara egokitzen diren edukiak aukeratzen ditu”.

Palestina eta Israeldarren gatazka hedabideentzako erakargarria zen unean harrapatu zuen Xabier, baina “gatazka baten jarraitzen duen arren, beti ailegatzen da saturazio une bat erredakzioarentzat”. Une horretan, bere hitzen arabera, erredakzioko lankideek kronika gutxiago eskatzen dituzte kasu honetan Jersualemgo aktualitateaz, eta horrenbestez, kronika horiekin soilik bizitzea biziki konplikatzen da.

“Parisen askatasun handia daukat kazetaritza askeago bat egiteko”

Parisen lan egitea, ordea, oso ezberdina da. Izan ere, “Parisko aldaketa sozialek interes handia dute hemen”. Kazetariaren ustetan, Frantziak Euskadirekiko duen hurbiltasun geologiko eta kulturalek interes puntu handiago bat ematen diote lurraldeari. Horrela bada, “Eusko Jaurlaritzaren bisita edo Hollanden inguruko kontuak kubritzeak frantziako korrespontsalia dinamikoagoa izan dadin eragiten du”. “Gainera”, jarraitzen du, “Parisen askatasun handia daukat kazetaritza askeago bat egiteko. Euskadin edo Madrilen lanean diharduen kazetari batentzako ezinezkoa da hori, buruzagia ondoan duzulako. Baina ni, hain urrun egonda, gaiak emanak etortzen zaizkidan arren, nire toke pertsonala emateko libreagoa naiz”.

Goizeko 7:30tan esnatzen da Parisen, eta ohetik altxa bezain pronto, Interneten, eguneko aktualitateaz informatzen hasten da eta 8etan telebista kateetako informatiboak ikusten ditu. “Egia esan, esnatzen naizenetik ordubete inguruko errepasoa egin ohi dut”. 8:30tan Bilboko EITBko erredakziora gaiak ailegatzen dira eta 10:30tako jada Teleberriko gaien organizazioa egina egoten da. “Ordurako jada badakit egun horretarako zer eskatzen didaten, ezer eskatzen badidate, noski. Ez badidate ezer eskatzen, neure gaiak biltzen joaten naiz, eta kontaktu berriak egiten”, azaldu du.

 

Interneten eragina korrespontsalietan

Nolabaiteko askatasun eta orijinaltasun puntu bat botatzen du faltan Xabierrek egungo kazetaritza lanetan. “Lehen, teletiporik gabe lan egiten zen korrespontsalietan, Internet ez zegoelako. Horregatik korrespontsal bakoitzak bere istorioa kontatzen zuen, berak bizitako esperientziak eta ikuspuntu ezberdinak adierazten zituen, hau da, korrespontsalaren lana erabat berezia eta polita zen”. Gaur egun, ordea, Interneten agerraldiak erabat aldatu du kazetaritzaren ogibidea. Baina ez soilik teletipoen erabileran, baita jendearen informazio kontsumoen ohituretan ere. “Internetekin orain jendeak dena daki, eta gainera, zerbait berria eskaini behar da. Hor dago gaur egungo erronka, nire ustez”, gehitzen du korrespontsalak.

Telebistaren kontsumoan, esaterako, Xabierrek azaltzen duenez, ikusleen adinaren batez-bestekoa 50 eta 60 urteen artekoa da. “Gazteak telebistara berriro erakarri beharrean gaude, baina ez dakigu bidea Internet den ala ez”. Izan ere, egungo gazte askoren informazio kontsumoa aldatu egin da erabat Internet dela eta. Askok eta askok sare sozialen arabera informatzea nahiago izaten dute. “Ez dakigu oso ondo telebista nora doan”, adierazten du Xabierrek. Baina argi dagoena da Internetek pertsona askoren “eguneroko bizitza, informazioa aurkitzeko modua eta informazio hori berezi egiteko irizpideak” aldatu egin dituela.

Eta Interneten bat-bateko sarrera honek berak kazetarien lanak ezberdindu beharra eragin du. “Nik beti neure kronikei nolabaiteko toke pertsonala ematen saiatzen naiz”, adierazten du Xabierrek. Esaterako, kazetariak adierazten duenez, “teletipotik iritsitako lerro luze eta konplikatuak esaldi motz, baina esanguratsu baten ordez aldatzen” saiatzen dela azaldu digu. “Teletipoetako informazioa argitzen duen esaldi bat modu pertsonalean egiten saiatzen naiz. Horrek ezberdintasuna markatzen duela uste dut”.

Gainera, zuzeneko emisioetarako Xabierrek eskema bisualak darabilzki kameraren aurrean zuri ez gelditzeko. Azaldu digunez, badu oso gustuko esaldi bat, “la mejor improvisación es la que está escrita”. Garrantzitsuena, bere esanetan, hasiera eta amaiera argi edukitzea da, uneren batean zuzenekoa bizkor amaitu behar izanez gero, zer esan jakiteko. “Nik nahiko memoria fotografikoa dudanez, nolabaiteko eskema gezidunak egiten ditut nire pentsamenduetan argi edukitzeko nondik nora jo, baina norberak bere estilo propioa izan ohi du”.

Azken batean, naturaltasuna eta nortasuna baloratzen ditu korrespontsalak, ez baitago kazetaritza ondo egiteko bide bakarrik. “Komunikatzaileak naturala izan behar du, eta bere toke pertsonala aportatu. Jada dena asmatua dago, ez duzue kazetaritza berriro ere eraikiko, baina ahal duzuen neurrian albiste eta kronikak zeuen erara esan ditzazkezue”. Gainera, errealitate ezberdinak ulertzeko ahalmenaren garrantzia ere azpimarratu du Xabierrek. “Enpatia erabat garrantzitsua da, eta egoera edo gatazka baten kausak eta arrazoiak ulertzeko gai izan behar dugu. Horrek ez du beti iritzia eman behar dugunik esan nahi. Objektibotasunera hurbiltzeko ahaleginak egin behar ditugu, baina subjektiboki eta ahalik eta interpretazio gehien izanez”.

Korrespontsalaritza eta kazetaritzaren defendatzaile sutsu honek Profesionalen Zikloko hitzaldia toki egokienean gaudela adierazten amaitu du. “Kazetaritzatik bazoazte, karrera perfektuan eta toki hoberenean zaudete, benetan”. Hala izan dadin espero dugu, etorkizunak hainbeste gaininformazioko gizarte hauetan filtratze, interpretatze eta komunikatze lanak egingo dituen profesionalak beharko dituelako. Horra hor geure toke pertsonala.

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *